EI PERRITXO! EZ ITZI ZIRIKATUTEAZ!

EI PERRITXO! EZ ITZI ZIRIKATUTEAZ!

17.1.13

EPAIKETARIK EZ!!!HERRI BAT GAZTETXE BAT!!

Zumaiako zortzi gazte epaituko dituzte, 2008an gaztetxe zaharrean identifikatu ostean

2013 Urtarrilak 17
Zortzi gazte zumaiar epaituko dituzte urtarrilaren 24an Donostiako epaitegian, 2008. urtean gaztetxe zaharrean identifikatuak izan ostean. Ni ere han izan nintzen! herri ekimenak eta Zumaiako Gazte Asanbladak elkartasuna adierazi diete epaituak izango direnei, eta mobilizazioetarako deialdia luzatu dute.
Zumaiako Gazte Asanbladaren oharra:
Ni ere han izan nintzen, belar txarrez ondutako jardinean, eta urteen poderioz hormetatik eroritako pintura zatien artean. Ni ere han izan nintzen, arratoi artean, usteltzear zegoen lurzoruaren gainean eta erortzear zegoen sabaiaren azpian. Ni ere han izan nintzen, hauts artean ,eta hauts hartatik ustekabean, ezerezetik osotasunera, txikitasunetik handitasunera, hamar urtetik gora hutsik zihoan eraikin hitsari hitza eta bizitza eman, eta espazio fisiko hutsa zena ametsen kutxa bihurtu genuen, taupadaz taupada, zuri beltza koloreztatuz.
Zumaiako gazte asanbladaren ibilbidea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eztulak eta negarrak izan dira bidean, baina ez irribarreak haina, eta egindako lanaren fruituak biltzeko, biltzeko eta zabaltzeko urtea izan zen 2008ko hura. Zumaiako gazteriak, loalditik esnatu eta makarrak kentzeko astirik ere hartu gabe, auzolanaren bidez herria eraikitzeari ekin zion, herriari bizia emanez. Asanblada eta autogestio bidez funtzionatzen zue n gazte mugimendu hark espazio fisiko baten beharra aldarrikatu zuen, biltzeko, antolatzeko, borrokatzeko eta gazte espresio orori bide emateko. 2008an eman gabekoa hartzea erabaki eta espazio fisikoa izn behar zuena, herriaren arnasgune, herriaren birika bihurtu zuen ZUGAk, gaztetxeko ateak herri osoari zabalduz, eta gaztetxetik herri osora zabalduz. Tailerrak, kafe-tertuliak, hitzaldiak, bertso-saioak, afariak, kontzertuak, jolasak, auzolana, harremanak, emaitzak, lanak, ilusioak, pozak, negarrak, borrokak, beharrak, indarrak. Haur, gazte, heldu, adineko, ia herri osoa pasa zen uda hartan Zumaiako gaztetxetik, eta orduan berretsi ahal izan genuen bide onetik gindoazela, herriari ikusarazi geniolako gazteok etxebizitza duin bat lortzeko baliabiderik ez dugun bitartean herri erdian halako etxetzar bat hautsak janda egotea ez dela zilegia, eta aldi berean, espazio hori okupatu eta herriarentzat zabaldu genuelako, hainbat ekintza soziokultural antolatuz. Aldarrikatzen dugun herri eredua gauzatzen ikusi genuen, egunero, astero, eta egun ere, aldarrikatzen dugun herri eredua eraikitzen gabiltza gaztetxe berrian, egunero eta astero, eta animatu nahi dugu Zumaiako gazteria bertan parte hartzera, jolastera eta borrokatzera.
Udako eguzkiak hoztu, eta txakurrak etorri ziren gaztetxera zaunkaka. Momentu hartan bertan zeuden 12 gazteak identifikatu, eta deklaratzera deitu zituzten handik denbora batera, 12 gazte horietatik zortzik urtarrilaren 24an, osteguna, epaiketa izango dutelarik Donostiako epaitegian. 80.000 euroko zigor eskaerari egin beharko diete aurre gazte hauek. Eraso honi erantzuteko abiaturiko “Ni ere han izan nintzen” herri-ekimenarekin bat egiten du Zumaiako gazte asanbladak, eta gure babesik beroena eskaini nahi diegu auzipetuei. Gazteriak eguneroko lanaz herrian lorturiko zilegitasuna ez digutelako kenduko ez epaitegi, ezta komisariatan ere. Edozein izan zitekeelako, zortzi gazteen aurkakoa baino, Zumaiako gazteria osoaren aurkako epaiketa bat izango delako, herri honetan oso garesti ordaintzen delako eskubideak geure egin eta herria eta etorkizuna eraikitzea, eta oso merke espekulatzea. Horregatik guztiagatik, ni ere han izan nintzen, eta gu ere han izango gara, zuekin, animo eta eutsi goiari!