Gaztetxe berria okupatu dute Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladako kideek
2012 Abenduak 28
Lokal berria
okupatuta, “herri osoari zabalik egongo den proiektu kultural, sozial
eta parte hartzailea” abiarazi du Plentzia eta Gorlizko Gazte
Asanbladak. Udaleko arduraduren hitzak “haizeak eramaten dituela” salatu
dute, ez baitute jaso haiekin izandako elkarrizketetan hitz
egindakoaren inguruko erantzunik. Gogorarazi dute, baita, oraindik ez
dela kaleratu honen aurrekoa izandako Ermitatze Gaztetxean identifikatutako gazteen aurkako epaiketaren sententzia.
Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladaren oharra:
Batzuk barne eztabaidan egon gara, beste
batzuk ZukGua prozesuaren baitan murgilduta. Bien bitartean, gazteok
batu eta kalera ateratzeko gaitasuna izan dugu, egoerak hala eskatuta:
Ermitatze Gaztetxearen aurkako epaketari aurre egiteko edo irailaren
26ko greba orokorraren harira, herriko gazteok gure etorkizunaren
defentsan burutu genituen ekimen eta ekarpen desberdinetan parte hartuz.
Emankorra izan da azken urteotako
Plentzia eta Gorlizko gazte mugimenduaren ibilbidea; gazte mugimenduaren
jaiotzarekin batera ulertu genituen helduen mundu horrek sortzen
zizkigun arazoak. Horrei aurre egiteko, gazteon arteko harremanak
bultzatu genituen, jai herrikoiekin beste aisialdi eredu bat izan genuen
helburu. Bide horretan, gure proiektu desberdinak aurrera eramateko
leku aske baten beharrak eta udaletxeen horrelako gune bat bermatzeko
borondate ezak, Ermitatze Gaztetxea okupatzera eraman gintuen.
Lan eta garaipen hauekin batera etorri
zen mota desberdineko errepresio, debekuak eta epaiketa, gauzak ondo
egiten ari ginenaren seinale! Ez dute gazteria kontziente, aktibo eta
kritikorik nahi eta haien sistema ustel zein zapaltzailea zalantzan
jartzen duen edozein egitasmok urduri jartzen ditu. Horregatik kolpatzen
gaituzte!
Baina, bide honek amaiera izan ez dezan,
eta ereindako hezien uzta jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da gure
herritik eraginda mundu hau eraldatu nahi dugun gazte guztiok batera
eta proiektu komun bati ekarpena egiten lan egitea, bakoitzak bere
eremutik. Baina, bereziki garrantzitsua da lehentasunezko arazoei batuta
erantzuteko gaitasuna sortu eta artikulatzea.
Norantza horretan lehen geldialdia,
gazte guztion inplikazioa eskatzen duena, Gaztetxearen afera da. Ez
ditugu berriro Gaztetxearen aldeko arrazoi eta argudioak zerrendatuko,
soberan ezagunak dira gure herrietan. Eta, gainera, ez dugu inor
konbentzitu behar, Ermitatze Gaztetxearen esperientziak zein herriko
gazte gehienek proiektu honekin bat egiteak ematen baitigu zilegitasuna.
Egoera adierazgarria da: herriko gazteok
kale gorrian gaude, ez daukagu biltzeko tokirik eta gainera bai
Gorlizek zein Plentziak dituen kultur guneetan (Goñi Portal zein
Sertutxena) biltzeko oztopoak besterik ez dizkigute jartzen (burutuko
diren jardueren gaineko kontrola edo ordaindu behar izatea). Hau da,
gazteok ez daukagu propioki gune bat guretzat eta dauden egitura publiko
urrietan erabilera mugatu edo oztopatzen digute.
Jadanik ez digu balio udaletxeak lokalik
ez daukala esateak, aurten Kristoko ermita eskatu ostean beste elkarte
bateri eman baitio, eta orain aspaldian agindu zigun lokal hau (Ontzi
gela) enpresa pribatu bati eman nahi baitio, gazteoi beste behin ere
iruzur eginda.
Horregatik, herriko gazteok, badakigunez
zuen hitzak haizeak eramaten dituela, Ontzi gela okupatu dugu, herri
osoari zabalik egongo den proiektu kultural, sozial eta parte hartzaile
bat abiaraziz.